XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estatu Batuetara joan eta euskaldunekin topatzea: Ez dago hor, bada, gauza arrarorik.

Zein euskaldunekin ordea?

Ezagutu nituen hauek zinez harriarazi ninduten, ez baitziren New Yorken bizi ziren emigranteak, Euskal Herrian jaio eta hara joandakoak.

Euskaldun hauek amerikanoak ziren, bertakoak, bertan jaio, hazi, ikasi eta bizia bertan antolatua zeukatenak.

Ameriketaratutako beren guraso edo aiton-amona euskaldunengandik hartua zuten euskaldungoa.

Askotan Euskal Herrira sekula bidaiatu gabeak, baina hala ere New Yorken euskaldun jaio eta sentitzen zirenak.

Euskaldunak izanik, guztiz amerikarrak ziren... guztiz amerikarrak, baina guztiz euskaldunak, hori ikasi genuen posible baita Estatu Batuetan.

New Yorken izan zen hura.

Geroztik Mendebaldera bidaiatu eta euskal arrastorik dagoen ia leku guztiak ibili ditugu Estatu Batuetan hondar urte hauetan.

Eta aise ohartu gara euskalduntasuna Pirineoen magalean sortutakoona ez ezik, Estatu Batuetako osagai ere badela; Estatu Batuetan euskaldun jaiotako amerikarrek Europako Euskal Herrikook bezainbeste eskubide daukatela euren buruei euskaldun deitzeko eta euskaldun asko han, hemen, non-nahi,bizitzea fortunatu zaien testuinguru eta baldintzetatik, ahalik eta ekarpenik baliosena eskaintzen saiatu izan direla elkarren lotura dugun kultura eta izateari.

Katebegia izan dira.

Lehen ostera hura eta gero, erreportaia eta elkarrizketa dexente argitaratu izan ditut itsasoz bestaldeko euskaldun hauen ardatzean.

Azterlanen bat egiteko aukera izan dut eta boladak bizi izan ditut Estatu Batuetako euskal herri horietako batzuetan.

Euskal Etxeak aldizkariak gaiari buruzko 32 orrialdeko monografikoa argitaratu zigun 1993an.